eu | es | fr | en
miembros

Noticias

2018-09-25

2719/2018 epaiari buruz

2018-09-25eko EAOko estraktua

2018ko irailaren 25ean Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute Eusko Jaurlaritzak EKKIri jabetza intelektualeko entitate gisa aritzeko eman zion baimena. Iragarki hori Espainiako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko epaimahaiaren 2719/2018 epaiak ezarritako betekizuna da. Hemen ikus dezakezu iragarpena.

Aipatu epai honen jatorria Estatuaren Abokatuak Eusko Jaurlaritzaren jatorrizko erabakiaren kontra jarritako errekurtsoa da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2014ko urriaren 20an, jatorrizko testu hori. Hemen ikus dezakezu erabakia.

Estatuaren Administrazio Orokorraren ordezkaritza prozesalak erabaki hau argitaratu bezain laster planteatu zuen bere errekurtsoa. 2014ko abenduaren 1ean, erabakia argitaratu eta hilabete eskasera, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion erabakia deusezteko. Isiltasun administratiboak zekarren ezezkoari jarraiki, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren administrazio epamahaian jarri zuen errekurtsoa.

Estatuaren Administrazio Orokorrak errekurtsoa jartzeko arrazoibideak konpetentzian oinarrituak ziren: Eusko Jaurlaritzari egozten dio eskuduntzarik ez izatea. Jaurlaritzak aipatu erabakian banan-banan aipatzen ditu bere gaitasun konpetentzialak: Autonomia Estatutuan, Jabetza Intelektualeko legean eta 896/2011 Errege dekretuan ezarriak. Hona Errege dekretua.

Euskadiko Auzitegi Nagusiak, maiatzaren 6ko 1623/2016 epaiaren bitartez, baztertu egin zituen Estatuko Abokatuak egindako alegazioak, eta Eusko Jaurlaritzari eman zion arrazoia eta Espainiako Administrazioari egotzi zizkion prozesu-kostuak. EKKI ere agertu zen auzibidean, bere legitimazioaren defentsan. Hemen 1623/2016 epaia.

Hala ere, Estatuko Abokatuak kasazio errekurtsoa jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Uztailaren 10eko 2719/2018 epaiaren bitartez, Auzitegi Goreneko administrazio epaimahaiak zati batean onetsi du Estatuko Abokatuak jarritako errekurtsoa. Onetsi zaion puntu hori ez da ordea funtsezkoa: forma akats bat egotzi dio Eusko Jaurlaritzari, eta iragarkia Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzea agindu. Hemen ikus dezakezu 2719/2018 epaia.

Argitalpenarekin beraz, EKKIri bere legitimazioa berretsi zaio jabetza intelektualari dagozkion ekintzak egiteko. Fakturatu, bazkide berriak egin, jabetza intelektualeko gaietan eraginů Arrazoia eman zaio Jaurlaritzari eta bide batez EKKIri. Euskal egile eskubideen agentziak modu legalean operatu du, eta modu legalean jarraituko du operatzen.

 

ZER ESAN NAHI DU HONEK?

 

Ondorio ugari ditu iragarpen honen argitalpenak:

  1. EKKIren legitimitatea berresten du

Inoiz ez dugu zalantzarik eduki euskaldunona den jabetza intelektualeko kudeaketa erakundea eratzeko prozesua doitasun handiz kudeatu zutela bai elkarteko kideek, baita Eusko Jaurlaritzak ere.

Erabakiaren berrargitaratzeak, hala ere, berretsi egiten ditu Jaurlaritzak eta EKKIk hasieratik mantendu duten funtsezko argumentuak: konpetentzia zein legitimazio aldetik, EKKIren baimentzea legezkotasun osoz egin zela. Izatez, Auzitegi Nagusi zein Goreneko epaileek, epai bietan, Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko funtsari dagozkion argumentu guztiak onartu dituzte, Estatuko Abokatuaren alegazio guztiak gaitzetsiaz.

 

  1. Estatuko Administrazio orokorraren arrazoiak kuestionatzen ditu

Estatuko Administrazio Orokorrak, berak emandako legeriaren aurka joanik aurkeztu zuen errekurtsoa. Bazirudien, prozesuaren hasieratik, gure elkarteari harik eta minik handiena egitea zela haien helburua, aipatu deuseztapena ala judizialki ezarri zitekeen beste edozein lortzea alegia.

Horrelako kontraesanak argi uzten digu Administrazio Orokorrak diru publikoaz finantzaturiko prozesu judizial hau aurrera eramateko arrazoiak politikoak izan direla; izan EAEri emandako eskumenak kuestionatzea, ala estatu mailako jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketa erakundeen lobby-ari men egitea.

 

  1. Eszenatoki berri bat zabaltzen du

Prozesu judizial luze honen amaierak hainbat traba burokratiko ezabatzen ditu EKKIrentzako. Aurrera jarraitu ahal izango dugu CISACeko kidetza aplikazioarekin, nazioarteko eszenatokian gure presentzia sendotuz eta hedatuz.

Honez gain, aukera emango digu berriz fakturatu, kideak egin eta hitzarmenak suskribatzeko aukera, uztailaren 10az geroztik deuseztatua genuena, eta Eusko Jaurlaritzak aipatu erabakia Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin berretsi dena.

hutsik