eu | es | fr | en
miembros

Noticias

2021-12-03

Bidea amaitu zaie

'The cat coming out of the coal bin', Dorothy Sherryl (Public Domain)

2014ko urriaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Kultura Ondarearen zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzen jarduten duen Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI) erakundeari Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik edo nagusiki jardun dezan Jabetza Intelektualaren Legean aitortzen diren eskubideak kudeatzeko erakunde gisa.

SGAE, CEDRO eta VEGAPek alde batetik, eta AIE eta AGEDIk bestetik, erabaki hura aurkaratu egin zuten. Espainiako Gobernuak, Estatuko Abokatutzaren bidez, bere erabakia bera aurkaratu zuen, alegia, kudeaketa entitateak baimentzeko Eusko Jaurlaritzari eskualdatutako gaitasuna.

Bide itsu hori bukatu da,ordea, auzitegietan ebatzi baita monopoliorik ez dagoela, autore eta eskubideen titularrek kudeaketa entitatea aukeratzeko modua izan behar dutela eta Euskal Herriak gaitasuna duela luze eta zabal egikaritzeko jabetza intelektualaren arloan bere eskubide naturala.

Espainiako Auzitegi Gorenaren 1188/2018 Epaia dela eta, zati batean onetsi zen Estatuko Administrazio Orokorrak Eusko Jaurlaritzaren aurka egindako erreklamazioa, eta, horrenbestez, azken horrek 2014ko urriaren 20ko Erabakia argitaratu behar izan zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean (horren bidez, Eusko Jaurlaritzak EKKIri baimena ematen dio nagusiki eremu autonomikoko erakunde gisa jarduteko).

Behin iragarkia BOEn argitaratuta, eta argi geratu zenez EKKIk legez horretarako borondatea duten bazkideekin osatutako beste edozein erakundek bezala jarduteko eskubidea duela, beste oztopo judizial batzuk geratzen ziren. Egile eskubideen Espainiako zenbait agentziak aurrera egin zuten auzitegietan, jabetza intelektualaren kudeaketari dagokionez kulturarik ez dutelako, euskal sektore kulturala gutxi ezagutzen dutelako eta sistema monopolistiko batean aritu izan direlako.

SGAEk eta CEDROk eskatuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariaren 2014ko urriaren 20ko Ebazpenaren aurka bideratutako 332/2015 administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2017ko urtarrilaren 19ko Epaiaren bidez ebatzi zen lehen auzialdian. Auzitegi Gorenak, maiatzaren 21eko 655/2019 Auzitegi Gorenaren epaian, autoak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari itzultzeko agindu zuen, gaiaren funtsari buruzko ebazpena eman zezan. Jarraian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2019ko uztailaren 11ko 356/2019 epaia eman zen, errekurtsoaren zati bat onartzera mugatu zena. EKKIren estatutuak aldatzeko erabakia ekarri zuen, baina ordurako birritan modifikatu zituen Asanblada orokorrak; dena jarduteko legitimazioari eragin gabe.

SGAEk, CEDROk eta VEGAPek kasazio-errekurtsoa jarri zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken epai horren aurka. Kasazio-errekurtsoa duela gutxi ez da onartu ere egin eta 2021eko martxoaren 25eko Probidentziaren bidez gaia amaitutzat eman da. Era berean, AIEk ezarritako 210/2015 administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bertan behera geratu da. Egunotan jakinarazi digute errekurtso honen kasazioa onartu ez duela Auzitegi Gorenak, amaiera emanez erakunde hauek hasitako bide judizialari.

hutsik