eu | es | fr | en
miembros

Noticias

2022-06-14

EKKI CISACen sartu da

Pasa den maiatzaren 31ko Batzar Orokorrean CISAC erakundeak EKKI onartu zuen bertako behin-behineko kide legez. Pausu handia da egile eskubideen euskal agentziarentzat. EKKIri ikusgarritasuna eta presentzia emango dizkio nazioartean, mugaz gaindiko kudeaketa erraztuz. Bestalde, alde praktikotik da garrantzitsua: obren nazioarteko kodeak izango ditu eskuragarri, eta sarbidea edukiko du obren datu baseetara.

CISAC – Egile eta Konpositoreen Elkarteen Nazioarteko Konfederazioa – munduko lehen egile-elkarteen sarea da, eta kudeaketa kolektiboko erakundeak zein eskubideen kudeaketako erakundeak biltzen ditu. 1926an sortu zen eta gobernuz kanpoko nazioarteko erakunde legez dago eratua. Egoitza Frantzian dauka eta eskualde bulegoak Afrikan, Latinoamerikan (Txile), Asia-Pazifikoan (Txina) eta Europan (Hungaria).

119 herrialdetan 228 elkarte kide izanik, CISACek 4 milioi sortzaile baino gehiago ordezkatzen ditu eremu geografiko guztietan eta errepertorio artistiko guztietan: musika, ikus-entzunezkoak, arte dramatikoa, literatura eta arte bisualak. Mundu osoan sortzaileen eskubideak babesteko eta interesak sustatzeko lan egiten du eta bertako kideek gardentasun eta berme berdinekin lan egitea adostu dute.

EKKIri, behin-behineko kide legez, hogeita lau hilabeteko probaldia hasiko zaio, eta jada CISACi jakinarazi dio eskuz esku arituko dela nazioarteko erakundeak izendatutako begiraleekin erregelamendurik, lizentzia-klausularik, arau operatiborik edo, besterik ezean, lan-molderik egokitu behar ote den ikusteko.

hutsik