eu | es | fr | en
kideak

Albisteak

2019-02-06

Egile eskubideak irakaskuntzan

Argazkia: Priscilla du Preez Unsplash -en

Egile eskubideen araudiak baditu bere berezitasun propioak dozentziaren arloan. Kopiak atera, edukiak banatu eta internet zein beste bitartekoren baten bidez komunikatzeko muga jakin batzuk ezagutu behar dira. Arlo honetan ondo aritzeko hona zertzelada batzuk.

Autore zein editoreen baimenik ez da behar kasu hauetan:

1.- Aurrez argitara eman diren idazlanen edo ikus entzunekoen txatalak eta argazki edo artelan bakanak erabil daitezke, beti ere autorea eta iturria aipatuz.

Beraz testu liburu baten edo unibertsitate eskuliburu baten txatal txikiak beldurrik gabe fotokopiatu edo inprimatu ditzake, eta gero banatu, irakasleak azalpen baterako. Ikasleei, gainera, informazioa eman dakieke obra legalki lortzeko edo obrara sarbidea izateko. Ez da zilegi, ordea, txatala edo obra osoa eskuragarri jartzea, dagokion lizentzia barik.

Aurrekoak berdin balio du helburua ikerketan aritzea bada. Proiektu jakin bateko ikertzaileen artean egin daiteke idazki, ikus entzunezko, argazki eta abarren erreprodukzioa eta banaketa, proiektu horretarako beharrezkoa den heinean.

2.- Obrak partzialki erabil daitezke, halaber, ikastetxe edo unibertsitateak eduki horien gaineko erabilpen lizentzia lortu badu.

Beraz obra jakin bat fotokopiatu, inprimatu edo erreproduzitu daiteke, eta gero banatu, autore edo argitaletxeari baimenik eskatu barik, baina egile eskubideen agentziaren lizentzia lortuta. Kasu honetan mugak hauek dira:

  1. a) Liburu baten kapitulu bat, aldizkari bateko artikulu bat edo antzeko luzera leukakeen zatia, edo bestela obraren %10a gaindituko ez lukeen zatia.
  2. b) Ikastetxe edo unibertsitateko bertako pertsonal eta bitartekoekin egindakoa behar du izan erreprodukzioak.
  3. b) Eduki horietara ikastetxe edo unibertsitateko ikasle, langile eta ikerlariek soilik izan behar dute sarbidea, kanpus birtual, intranet edo antzekoen bidez.

3.- Domeinu publikoko obrak badira, erabilera librea da.

4.- Lizentzia librepean argitara eman badira, lizentzia horrek ezarritako baldintzetan erabil daiteke obra jakin bat.

Gehiago jakiteko, muga hauen barruan ez leudekeen erabilpenak egiteko zein autoreen edo argitaletxeen baimenak kudeatzeko obra osoak, proiektuak, partiturak, musika, bideoa eta abar erabili ahal izateko, duda barik jo EKKIra, Egile Eskubideen Euskal Agentziara.

hutsik