eu | es | fr | en
kideak

Albisteak

2026-10-05

EKKIko bazkideen obrak mundu osoan hobeto kudeatzeko aliantzak

Asko izan dira azken asteotan EKKIk martxan jarritako hitzarmenak bazkideen obrak mundu zabalean kudea daitezen. Watermelonekin salmenta-puntuetan egongo da euskal musika, SACEMekiko bi hitzarmeni esker Frantzian eta mundu zabalean online eta offline kobratu ahal izango ditugu euskal autoreen obren erabilpenak (streaming, kontzertu, antzerki emanaldi eta abarrak), SEDAren bitartez Espainian EKKIri dagokion kanon digitala berreskuratuko dugu eta Argentinako Argentoresekin hango ateak irekiko.

Watermelon egile eta editoreen eskubideen alde egiten duen kudeaketa-operadore independentea da, eta zerbitzu oso berezituak ematen dizkie saltokiei, beraien salmenta-puntuetan egokien den musika entzun dadin. Euskal musika denda zein supermerkatuetan sarriago entzun dadin EKKIk adostasuna lortu du beraiekin: gure autoreen musika eskainiko dute, eta sortutako egile eskubideak EKKIk banatuko ditu.

SACEM (Société des auteurs, compositeurs et éditeurs de musique) EKKIren mundu zabaleko eskubideen kobrantzan lankide izango da, bai online (era guztietako obra digitala publikoaren eskura jartzen denean), eta bai offline (zuzenekoak, zinema-emanaldiak, antzezlanak, erakusketak) bost kontinenteetako dozenaka herrialdetan euskal autoreentzako errekaudatuz. Hitzarmenetik kanpo geratu den herrialdetako baten, Argentinan, Argentores bertako egile eskubideen agentzia arduratuko da lan horiek egiteaz.

Azkenik, Sociedad Española de Derechos de Autor SEDAri, ostera, bazkideei euren obren kopia pribatuagatik dagokiena biltzeko eta banatzeko ardura eman zaio. Era horretan, gure kideei dagokien bidezko konpentsazioa banatuko du EKKIk, nahiz eta Leihatila Digital Bakarrerako sarbiderik ez eduki.

EKKIn beti esan ohi dugun bezala, sortzaile: inon jo edo dantza egin behar baduzu edo ezer antzeztu Euskal Herrian zein kanpoan, zure film bat edo bideo bat proiektatuko badute, zure obraren edozein erabilpenen berri baduzu, partekatu gurekin zure agenda! Horretarako EKKIko kideen sarbidea erabili www.ekki.eusen.

hutsik