eu | es | fr | en
kideak

Notices

2017-11-15

Interpreteak, zuzen-zuzenean

Itsaso Etxebeste, Tenporarako
(c) Mattin Zeberio Larraza

EKKIra datozen autoreen artean -idazle, ilustratzaile, argazkilari, letragile, konpositore…- estatus legal berezienetarikoa dutenak behar bada interpreteak dira, egile eskubideei dagokiene. Beraien egoera legala arean argitu eta aholku zenbait emateko ahalegin –xumea- da hau.


Egile eskubideen eta jabetza intelektualaren legeek, izan 1985eko Frantziakoa zein 1996ko Espainiakoa, interpreteari aintzatesten diote interpretazioen erabilera baimentzeko gaitasuna:

“Interpreteak baimendu behar du aktuazioen grabaketa, grabakatea horren erreprodukzioa eta grabaketa hori publikoaren esku jartzea”.

Era berean:

“Interpreteak baimendu behar du aktuazioen komunikazio publikoa”.

Zer esan gura du honek?

Funtsean esan gura du bera parte den obra hori norbaitek ustiatu nahiko balu, interpretearen baimena beharko lukeela. Gertatzen dena da legeak aukera ematen duela interpreteak berak pertsonalki baimentzeko, edo eskubide hori kontratuan lagatzeko, eta normalean ekoizleak hartzen du bere gain baimentze zeregin hori.

Telebistan bota badute bideo musikala, anbientaziorako erabili bada lokal batean grabazio bat, irratian entzun bada, zinean proiektatu badute… interpreteak bere zatia jasotzeko eskubidea du. Eskubide hori bere kontrol zuzenetik kanpo dago maiz, ordea: ekoizlea da-eta askotan komunikabideetako komunikazio publikoren egiletza eskubideetaz arduratzen dena.

Eta interpreteak baimendu behar duen komunikazio publikoa bada zuzeneko ekitaldi bat?

Kasu horietarako legeak isilbidezko baimen-emate bat ahalbidetzen du. Interpreteak ez du generatzen bere aldeko egile eskubiderik zuzenekoetan. Grabatutakoaren gain badauka kobratzeko eskubidea, baina puri-purian eta zuzenean sortzen ari den obraren gain ez:

“Interpretazioa egin bada lan kontratu baten baitan edo zerbitzu-emate baten moduan, enpresariak –antolatzaileak, ekoizleak- dauka erreprodukzioa eta komunikazio publikoa baimentzeko gaitasuna, ulertzen baita interpreteak jaso duen ordainketaren truke –kaxetaren truke- eman diola”.

EKKIk edo egile eskubideen agentziek, beraz, nekez bil dezakete egile eskubideengatiko ordainketarik interpreteen lanagatik. Lan hori, ordea, benetako sormen lana da askotan, alegia, abestia “interprete” bezala jo denak sortua da, letragileak bezain, musikaren egile legez ageri denak bezain. Behar bada artistaren definizioa aldatu beharko genuke halakoetan: interpreteek beraien rola zein izan den definitu behar dute. Taldean hitz egin behar litzateke jakiteko abesti baten autore nor den. Galdera askotan ez da hain erraz erantzutekoa. Jotzailea izan daiteke sortzaile, berari dagokio bere zatia, bere obra ere bada abestia, abestiaren ehundura, abestiaren arima eta are konposizioa.

Eta, paradoxikoki, EKKIk ezin du kobratu kontzertu bateko jotzaileen izenean, jotzaileak ez direlako ageri autore moduan.

Berriro lehengora itzulita: kasuak egon daitezke non diskoetako “musika” eta “letra” binomioa birplanteatu behar litzatekeen. Abestiak zenbaitzuen artean sortu badira edo, behintzat, ez badira izan pertsona baten edo biren fruitu esklusiboa, esleitu behar litzaioke taldekide bakoitzari ehuneko bat, autore moduan.

Soilik horrela ahalko du EKKIk interpretea zentzu guztietan babestu: grabatutakoaren komunikazioagatik eta zuzeneko komunikazioagatik.

hutsik